.
IGANDEETAN ZIRKULATZEKO KAMIOIEK ZUTEN DEBEKUA ALTXA DU EUSKAL ERKIDEGOKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du kamioiek Iparraldera joateko euskal errepide nagusiak erabiltzeko debekua. Maiatzean indarrean jarri zen euskal Trafiko arduradunen aginduaren arabera, Iparraldera joateko ezin ziren N-1, A-8 eta Leitzarango autobidea erabili, bai ordea, beste norabideetara joateko. Agindu hau Kantabriako Gobernuak errekurritu zuen eta Auzitegi Nagusiaren epai berriaren ondoren urriaren 6tik jada ez da igande eta jai egunetan erkidegoko errepideetan mugarik izango. Ondorioz, Irun inguruan bilduko dira kamioiak, Hendaiara pasatzerik ez baitute izango. Aipagarri da Europako errepide gehienetan ez dagoela ibiltzerik eta beraz, debekua altxatu den arren, ez dute asko aurreratuko. Asko jota, Leitza, Miranda edo Kantabriako muga inguruan gelditu beharrean, Iruneraino iristeko aukera izango dute kamioiek. Ertzantzak jakinarazi du kamioiek behar ez den tokian aparkatu ez dezaten kontrol eta zaintza handituko dituztela. Debekua lehen aldiz martxan jarri zenetik behin eta berriro agindua eta berau bertan behera uzteko epaia etorri dira. Hiru sindikatua hasieratik izan da debekuaren aldekoa, beti ere, behar zutenek baimen bereziak izanez gero.

   
.
BILBOKO PORTUKO ENPRESA BATZUK ELKARTU EGINGO DIRA

Bilboko portuan edukiontziekin lan egiten duten zenbait enpresek elkartu eta bi enpresa berri sortuko dituztela iragarri dute. Hitzarmenak dituzte jada Bidetrans, Urkolabi eta Euskaditrans-ek Transbidenor elkarte berria sortzeko eta baita CB eta Transmeta enpresek Bilbao Truk Port sortzeko. Kontzentrazio prozesu honetatik kanpo hiru enpresa besterik ez dira geldituko. Horiek orain arte bezala segituko dute. Enpresa berriek 200en bat kamioiekin lan egingo dute. Batzuk eurenak izango dira soldatapeko gidariek erabiliko dituztenak eta besteak garraiolari autonomoenak. Enpresa horien helburua, hain zuzen ere, pixkanaka autonomoetako batzuk soldatapean jartzea da. Hiru sindikatuak argi eta garbi adierazi du behin eta berriro aldaketa horiek ez dituela begi onez ikusten. Hiruren iritziz, garraiolari autonomoek bere izaerari eutsi behar diote eta orain arte bezala Bilboko portuan bere lekua eta garrantzia izan. Hau da, sindikatuaren ustez onartezina da aldaketa, autonomoak gai izan behar dira erabakiak hartzeko, autonomoak ixateko, garai batean bezala portuko enpresen interesen mendean izan gabe. Horregatik uste du Hiruk, garraiolari autonomoek zuzenean lan egin behar duela zamaketariekin, bitartekaririk gabe, eta eurek sortu behar dituztela enpresak, hau da, elkartu egin beharko dira eta juridikoki eurentzat egokienak diren erako enpresak sortu. Zeregin horretan laguntza osoa emango die Hiru sindikatuak autonomoei, hain zuzen ere, uste baitu horrelako ekimenak izango direla autonomoen asmoak betetzeko eta lan baldintza onak ziurtatzeko bidea.

   
.
GIPUZKOAKO ERREPIDE NAGUSIETAN KAMIOIENTZAT BIDESARIA JARRIKO DU FORU ALDUNDIAK 2012RAKO

Gipuzkoako Batzar Nagusiek atea ireki diote herrialde honetako errepideetan bidesaria kobratzeko aukerari. Europatik dator egitasmoa eta 2012rako ardatz nagusietan bidesaria ordaindu beharko dute, lehenengo kamioiek eta geroago autoek. Gipuzkoan, N-1ean, Leitzarango autobidean, Endarlatzako errepidean eta Durango Beasain errepidean jarri nahi da bidesaria. Hiru sindikatuaren ustez ez da erabaki zuzena, beste gastu bat baita garraiolariarentzat, gizarteari zerbitzuan lanean diharduenarentzat. Beste gastu batzuk, erregaiak esaterako, garestitzeko joera dute oro har, eta beraz erabakiaren lehen ondorioa garraioa eta kontsumoko produktuak garestitzea izango da. Espero dezagun gizartea gertatzen denaz jabetuko dela eta ez diotela prezioen igoeraren errua garraiolariari botako. Izan ere, nahikoa arazo eta zailtasun izaten du bestela ere garraiolariak gastu horiek bezeroei kobratzeko. Garbi dagoena da, zeharkako zerga bilketa bultzatzen dela Europan, hau da, ez du gehiena daukanak edo gehiena irabazten duenak gehiago ordaintzen, baizik eta gehien ibiltzen denak edo gehiena kontsumitzen duenak. Horrela erregaien zergak altxa edo errepideetako tasak jarri dira, hain juxtu, garraiolariengan eragin handia daukatenak. Ondorioz, hauek etengabe aritu behar dira bezeroei garraioaren salneurriak gaurkotzen.

   
.
NEUMATIKOAK GARESTIAGOAK DIRA URRITIK AURRERA

Lege dekretu baten aginduz, uztailetik debekatuta da neumatikoak zabortegietara botatzea, –berrerabili, birziklatu edo erre egingo dira– eta bestalde neumatikoak desegiteko ardura saltzaileei eman zaie. Bridgeston, Continental, Goodyear-Dunlop, Michelin eta Pirellik SIGNUS elkartea sortu eta gastu hori erabiltzaileei pasa die. Ondorioz, urriaren 2tik aurrera neumatiko bakoitzeko 14,5 euro ordaindu beharko du garraiolariak, (12,48 gehi BEZa). Lege bat atera behar izan da, neumatikoen ekoizleek orain arte ez baitute kutsadura mota honen inguruan interes handirik jarri. Orain ekoizle hauei eman zaie neumatikoaren bizitza osoaren ardura, saltzetik hasi, jaso eta birziklatu ala desegiteraino. Marka horiei oso ondo etorri zaie behartuta izan bada ere, aurpegia garbitu eta medioetan propaganda ona izateko, –beti horrela ez bada ere, gehienetan ekologiaren defendatzaile gisa ageri dira,– gainera bide batez, kostuaren zama kontsumitzailearen bizkarrera botaz. Berrerabilpena lehenetsiko da eta berriro erabiltzeko balio ez dutenak txikitu edo birrindu egiten dira. Hortik aterako da beste produktu batzuk egiteko lehengaia eta industria-labeetan erabiltzeko erregaia.

   
.
EURO-4 KAMIOIEK BEHAR DUTEN UREA SALGAI LANGRAITZ ETA LANBARRENEN

Kamioia aldatzea ere garestiago izango da urritik aurrera. Hilaren 2tik aurrera indarrean den Euro-4 araua errespetatzeko EGR eta SCR sistema berriak jarri dira kamioietan eta ondorioz ibilgailu bakoitza bataz beste 5.000 euro garestiago da. SCR darabilen kamioia erosi dutenek, AdBlue edo urea hartu beharko dute gasolioa hartzearekin batera. Gasolindegietan salduko da eta baita Lanbarren eta Langraitzen Bideko Aterpek dauzkan hornitzaileetan. Euro 4 araua betetzeko kamioiek botatzen dituzten keak gutxitu behar dira. 2009ko urrian Euro-5 araua izango da martxan eta orduan gehiago gutxitu beharko dira isurketa horiek. EGR sistemaren bidez keak behin eta berriro erretzen dira hoztu eta gero, kanporatzeko maila izan arte. Ibilgailu gehienek SCR sistema dute. Adblue izeneko produktua, urea eta uraren arteko nahasteka, erabiltzen da erreakzio kimiko bat sortzeko. Beroarekin ureak amoniakoa askatzen du eta honek, kea ur lurrun eta nitrogeno bihurtzen du. Nitrogenoa berez dago atmosferan eta ez da keak bezala kutsakorra.

   
.
GERRIKOA ERABILTZEA DERRIGORREZKOA DA EROSTERAKOAN JARRITA DAUKATEN KAMIOIETAN

Segurtasun gerrikoa badaukaten kamioietan derrigorrezkoa izango da erabiltzea. Irailaren 6tik aurrera indarrean da Zirkulazio Araudi Orokorraren aldaketa eta ordutik garraiolariek derrigorrez jantzi beharko dute gerrikoa kamioiak jarrita baldin badauka, hau da, kamioiak erosi zenean uhala baldin bazekarren. Egin zirenean gerrikorik ez zeukaten kamioi zaharrak libratuko dira arau honetaz. Irailaren 5ean argitaratu zen Agiri Ofizialean 965/2006 lege dekretua. Beraren bidez, 2003tik martxan zen Zirkulazio Araudi Orokorraren parte bat aldatu da. Lege honek agintzen die autobus eta kamioi gidariei segurtasun uhala erabiltzeko.

 
.
TAKOGRAFOEI BURUZKO ARAU BERRIA

Maiatzaren 1etik indarrean da 3820/85 araua ordezkatzen duen Gidaldi eta Atsedenaldiei buruzko araudi berria. Ibilgailu berriak derrigorrez takografo digitala eramatera behartzean gain, beste zenbait aldaketa ere badakartza. Orain, takografo zaharra duten garraiolariek, aste honetako eta aurreko bi aste (astelehenetik igandera arte) osoetako diskoak eraman behar dituzte derrigorrez kamioian. Orain arte, asteko denak eta aurreko astean gidatu zuen asken egunekoa eraman behar ziren. Gainera, bai aparatu berria duten garraiolariek eta baita zaharra dutenek ere, jarduera-hautagailuan egiten ari direna zehaztu beharko dute derrigorrez. Hau da gidatzen, beste lan batzuetan, egonean ala atsedenean dagoen adierazi beharko du takografoan garraiolariak. Egiten ez badu, arauhauste larritzat hartzen du Administrazioak eta zigorra 1.501 eurotakoa izango da.
Bestalde, 2007ko apirilaren 11tik aurrera gidaldi eta atsedenaldiak arautzen dituen arau berria sartuko da indarrean eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera takografo zaharra dutenek eguneko diskoa eta aurreko 28 egunetakoak eraman beharko dituzte kamioian. ARAU berria

 

 

A L B I S T E - - - Z A H A R R A K

 

 




© Webmaster, Patricia Garcia 2004