.
GARRAIOLARIEN LANBIDE-TREBAKUNTZA AZTERKETA URRIAREN 7an LEIOAN

Garraiolarien lanbide-trebakuntza azterketa urriaren 7an burutuko da Leioako Medikuntza fakultatean goizeko 9.30etan hasita. Garraio Sailak jakinarazi duenez salgaien garraioari dagokion proba EHUk Leioan duen Kanpusaren sarreran dagoen Medikuntzako Eskolan burutuko da goizeko 9.30etan eta bidaiarien garraioari dagokiona aldiz arratsaldeko 4etan hasita. Bestalde, Hiru sindikatuak ikastaro eskaintza zabala du garraiolarientzat. Horien artean aipagarrienak ADR karneta lortzeko eta berritzeko ikastaroak eta takografo digitala erabiltzen ikasteko simuladore bat erabiliz egingo dena dira. Ikastaro hauetan edo beste edozeinetan intersaturik daudenek, informazio gehiago eskatu dezakete edota euren proposamenak egin ditzakete sindikatuaren bulegoetan.

   
.
FRANTZIAR BEZ-A EZ DUTE FAKTURATUKO KABOTAJEA EGITEN DUTENEK

Iparraldean edota Estatu frantseseko beste edonon kabotajea egiten duten Hegoaldeko garraiolarientzat aldaketak dira. 2006ko irailaren 1etik aurrera frantziar BEZ (Balio erantsiaren zerga) ez du garraiolariak ordainduko, bere bezeroak baizik, hau da ez da derrigorrezkoa garraiolaria frantziar Ogasunean erregistratua izatea, ez du zerga hori ordaindu eta gero berreskuratu beharrik izango. Zeregin horiek bezeroak egin beharko ditu. Beraz, erraztu egingo da tramitea eta garraiolariak ez du frantziar BEZaren erroldan izenik eman beharko baina Estatu frantziar barruan garraioa egiten denean soilik.Kasu honetan, garraiolariak BEZa aplikatu gabe egingo da garraioaren faktura eta BEZaren ordainketa bezero frantziarrak egin beharko du. Esan bezala, irailaren 1etik aurrera da indarrean finantza lege berria. Honen 94. artikuluak agindu du, Zerga Kode Orokorraren 283. artikuluaren aldaketa

   
.
HIRU SINDIKATUAREN JAIA IRAILAREN 23AN ABADIÑON

Hiru Eguna irailaren 23an burutuko da Abadiñoko probalekuan. Egun guztiko egitaraua antolatuko du Hiruk aurreko urteetan bezala, eta ekitaldi nagusia probalekuan bertan eskainiko den bazkari herrikoia izango da. Jai eguneko berrikuntza nagusia bazkaltzeko Abadiñoko probalekuaren aurrean erreko den txahala izango da aurten. Bestela aurreko bi urteetan bezala, egitarau zabal eta oparoa izango da irailaren 23an, larunbata. Goizean goizetik txahala poliki-poliki erretzen ikusi ahal izango da, gero arratsaldeko 2.30etatik aurrera bazkaltzeko. Goizean, Herri Kirol jaialdia ere izango da. Bazkalostean dantzaldia probalekuan eta gaztelu puzgarriak, zezen mekanikoa,... kanpoan. Egun osoan zehar, musika, bertsolariak eta giro ona nabarmenduko dira. OHARRA: Bazkaltzen gelditzeko asmoa dutenek irailaren 15a baino lehen eman beharko dute izena Hiruren bulegoetan. Bulegoetan izango dira bazkari txartelak, nagusientzat 20 eurotan eta haurrentzat 10 eurotan.

   
.
BOBINAK ERREPIDEZ ARRISKURIK GABE GARRAIATZEKO AHOLKUAK
Bobinen garraioari buruzko azterketan parte hartu du Hiruk, zama hauek eramateko katean parte hartzen duten beste elkarte eta garraio arloko erakundeetako ordezkariekin batera. Zenbait ondorio atera eta triptiko bat argitaratu dute bobinak errepidez garraiatzeko aholkuak bilduz, garraiolariek bobina kamioian jarri beharra dutenean erabil dezaten. Bertan kontsultatu ahal izango dituzte, ibilgailuaren eta bobina kopuruaren arabera bobina kokatzean kontuan izan beharreko neurri, distantzia eta abarrak. Bi arrazoi nagusik bultzatu dute ekimena, batetik, garraio mota honen arrisku potentzialak eta bestetik istripuak gertatzen direnean izaten diren kalte eta ondorio handiek. INFORMAZIO gehiago
   
.
UZTAILAREN 1ETIK AURRERA, GIDA BAIMENA PUNTUEN MENPE

Uztailaren 1etik aurrera puntuen arabera kudeatuko da gida baimena, eta Trafiko arduradunek errepideetako baldintzak hobetuko direla esaten badute ere, garraiolarien ustez bada kezkatzeko arrazoirik: batetik errepidean eguneko ordu gehienak ematen dituztenek, arrisku gehiago dutelako arauren bat hausteko eta bestalde, zigorra ere bikoitza delako. Hau da, gida baimena galtzearekin batera ogibidea ere galduko dutelako. Garraiolariek abantaila txikiren bat izango dute, beste gidariekin alderatuz, eta puntuak berreskuratzeko ikastaroak urtero egiteko aukera izango dute, baina horretan denbora ere galduko dute. 12 orduko ikastaroak izango dira eta auto-eskoletan emango dira. Diru-iturri oparoa izango da sistema hau autoeskolentzat. 12 punturekin hasita ibilbidean puntuak galduko dituzte gidariek. Punturen bat daukazun bitartean gidatu ahal izango da. Baina puntuak galtzen diren bakoitzean isuna ordaindu beharko da. Isun jakinarazpen orotan adieraziko da gelditzen den puntu-saldoa. Interneten ere begiratu daiteke, www.permisoporpuntos.com helbide elektronikoan. INFORMAZIO gehiago

   
.
IGANDE-JAIEGUNETAN KAMIOIEK DUTEN DEBEKUA ARINDU DU TRAFIKOK

Euskal Erkidegoko Trafiko arduradunek arindu egin dute kamioiek igande eta jai-egunetan errepideak erabiltzeko duten debekua, eta maiatzaren 27tik aurrera baimena izango dute zenbait errepide erabiltzeko. Hala ere, iparraldera joaterik ez dute izango, hau da, N-1 eta A-8 Irun alderako noranzkoan itxita izango dira kamioientzat eta baita A-15a Andoain aldera ere. Soilik hemen jai eta Estatu Frantsesean lan eguna denean izango dute kamioiek bide hauek erabiltzeko baimena. Kantabriatik datozen kamioiek maiatzaren 27tik aurrera Nafarroa eta Burgos aldera bidea zabalik izango dute igande eta jai egunetan, A-68, N622 eta N240 (Barazar) errepideetatik. Dena den, murrizketak izango dira udako irteera eta itzulera operazioekin batera eta baita jai egunek asteburuarekin zubia egien duten zenbait kasutan. Gainera Malmasin eta Kantabriako muga artean kamioiek bidea itxita izango dute larunbat eta igandetan maiatzaren 1etik urriaren 1era bitartean goizeko 9etatik 15etara. Kantabriatik Bizkaira bidea aldiz itxita izango da zenbait igande eta jai egunetan arratsaldeko 15etatik 22etara auto asko ibiltzea espero bada. INFORMAZIO gehiago

   
.
BIDEKO ATERPEren HORNITZAILEA MARTXAN DA LANBARRENen

Bideko Aterpe garraiolarien kooperatibak ireki du bere bigarren hornitzailea Oiartzungo Lanbarren logistika gunean. Langraitzekoak bezala funtzionatuko duen instalazio berri, moderno eta lehiakorra apirila amaieran inauguratu zen. Dagoeneko 24 orduz kalitatezko gasolioa salgai da merkatuko preziorik onenean Kooperatibaren bazkideentzat. Betidanik Bideko Aterperen helburua gasolioaren prezioa, neurria eta kalitatea zaintzea eta ahal den zerbitzu azkar eta onena eskaintzea izan da.



Lanbarren-en Bideko Aterpek ireki duen gasolio hornitzailearen inaugurazioan egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen Iñaki Pujana, kooperatiba honen lehendakariak. Apirilaren 27 eta 29 egindako bi ekitaldietan Pujanak adierazi zuenez egitasmo honek argi erakusten du garraiolari autonomoak gai direla elkarrekin aritu eta euren lanerako ahalik eta baldintza onenak lortzeko. Iñaki Pujanak, ekainean hamar urte beteko dituen kooperatibaren istorioa errepasatuz zera azpimarratu zuen, Hiru sindikatuko garraiolariak eurak izan zirela proiektua bultzatu eta kooperatiba sortzeaz arduratu zirenak eta bigarrena irekitzeko zortzi urte pasa direla, bidean izan diren traben eta Administrazioaren laguntza faltaren ondorioz.
Etorkizuneko erronkei gogotsu eusten die kooperatibak eta teknologia berriek pisua dute proiektuan. Horrela, Langraitz Okan bezala ordainketa sistema erabat automatizatua denez, bazkideek urte osoan eguneko 24 ordutan gasolioa hartzeko aukera izango dute eta bestalde, ingurugiroaren errespetua bere eginez, Lanbarrengo instalazio berrian biodiesel erregai garbiagoa ere banatuko da. Era berean, Iñaki Pujanak nabarmendu zuenez, merkatuko iragazkirik onenak erabiliko dira edozein zikin bereizi eta ezabatzeko, Euskal Herrian lehen aldiz, horrela bazkideen ibilgailuak eraginkorragoak izan daitezen. INFORMAZIO gehiago

 

LORPEN HANDIA

Mikel Etxeberria, Hiruko idazkari orokorrak, aldiz Bideko Aterpeko bazkideen aurrean aurkezpenean adierazi zuenez sindikatuak garrantzi handia ematen dio Bideko Aterperen egitasmoari. Inaugurazioan nabarmendu zuen lorpen handia dela sindikatuak berak sortutako ekimena Gipuzkoan enpresa handien ondoan kokatzea: “autonomo txikiez osatutako elkartea gara, berez ekonomia eta diruak agintzen duen mundu globalizatuan aukera askorik ez daukana, baina enpresa handien parean gaude”. Helburuak lortzeko garraiolariak elkarrekin lan egin behar dutela adierazi zuen eta eskubidea daukatela garraiolariek beste egitasmo batzuekin ere amets egiteko. “Enpresa handiak agian bai, baina guk ez dugu honekin nahikoa –esan zuen Mikel Etxeberriak– baditugu beste helburu batzuk. Gure ahalegin eta gure lanarekin zamak batetik bestera eramanaz lortutako gainbalioa gure eskutan izan dadin elkarrekin segi behar dugu lanean”. Bere ustez, posible da elkartu eta asmo hori gauzatzea: “hau ere 1997an teoria hutsa zen, inork ez zuen uste honaino iritsiko ginenik, baina lortu dugu. Zerbaiten alde egiteko erabakia eta konpromisoa hartzen duten lagunak baldin badira lortu daiteke”

 

 

KOKAPENA

Lanbarrengo poligono logistikoaren sarreran da instalazio berria. behin poligonoan sartu eta lehenengo biribilgunearen ondoan. Gaintxurizketan da Lanbarren, Oiartzun eta Irun lotzen dituen errepidean Lintzirin pasa eta gero eskuinetara. Hain juxtu, A-8 eta N-1 errepideen erdian da. Autopistatik Oiartzungo irteeratik gertu dago.

Lanbarrengo hornitzailea ireki denetik, Lezon Bideko Aterpek erabiltzen zuena itxi egin da. katuko denik.

 
.
TAKOGRAFOEI BURUZKO ARAU BERRIA

Maiatzaren 1etik indarrean da 3820/85 araua ordezkatzen duen Gidaldi eta Atsedenaldiei buruzko araudi berria. Ibilgailu berriak derrigorrez takografo digitala eramatera behartzean gain, beste zenbait aldaketa ere badakartza. Orain, takografo zaharra duten garraiolariek, aste honetako eta aurreko bi aste (astelehenetik igandera arte) osoetako diskoak eraman behar dituzte derrigorrez kamioian. Orain arte, asteko denak eta aurreko astean gidatu zuen asken egunekoa eraman behar ziren. Gainera, bai aparatu berria duten garraiolariek eta baita zaharra dutenek ere, jarduera-hautagailuan egiten ari direna zehaztu beharko dute derrigorrez. Hau da gidatzen, beste lan batzuetan, egonean ala atsedenean dagoen adierazi beharko du takografoan garraiolariak. Egiten ez badu, arauhauste larritzat hartzen du Administrazioak eta zigorra 1.501 eurotakoa izango da.
Bestalde, 2007ko apirilaren 11tik aurrera gidaldi eta atsedenaldiak arautzen dituen arau berria sartuko da indarrean eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera takografo zaharra dutenek eguneko diskoa eta aurreko 28 egunetakoak eraman beharko dituzte kamioian. ARAU berria

 

 

 

A L B I S T E - - - Z A H A R R A G O A K

 

 




© Webmaster, Patricia Garcia 2004